Estatistika
kulturalen urtekaria

Introducción. Anuario de estadísticas culturales 2011 [2011eko Kultura Estatistiken Urtekaria]

Ministerioko Idazkaritza Nagusi Teknikoko Kultura Estatistiken barrutiak Anuario de Estadísticas Culturales 2011 [2011eko Kultura Estatistiken Urtekaria] argitaratu du. Urtero argitaratzen den estatistika lan hau 2005ean jarri zen martxan1, eta bere helburu nagusia iturri ezberdinetatik lortutako kultura esparruko estatistika emaitza esanguratsuenak biltzea da. Emaitza horiek Espainiako kulturaren egoera eta bilakaera ezagutaraztea ahalbidetuko dute, baita kulturaren gizarte balioa eta Espainiako gizartean aberastasuna eta garapen ekonomikoa sortzeko iturri gisa duen garrantzia ere.

Jarraian, urtekari hau egiteko jarraitu diren ildoak, erreferentzia aldia, aztertu den kultura esparrua eta lanaren edukiaren deskribapen txiki bat aurki daitezke. Erabilitako iturriak eta prozedurak asko izan direla aipatu behar da, eta kapitulu bakoitzeko ohar metodologikoak zehaztasunez irakurri behar direla, emaitzak ondo interpretatu ahal izateko.

Informazio iturriei dagokienez, azterlanak Estatistika Plan Nazionalak barne hartzen dituen estatistika eragiketetatik ateratako adierazleak biltzen ditu (ezaugarri horiek betetzen dituzten hogei iturri baino gehiagotatik ateratako informazioa barne hartzen du). Salbuespen gisa, informazioaren berritasunagatik edo izaera ezezagunagatik hala komeni izan denean, beste iturri batzuetako informazioa erabili izan da.

Bertan islatutako emaitzak ez dira erabilgarri dauden eta kultura esparruan hedatu diren estatistika adierazleak bakarrik. Alde batetik, azterlana egiteko kultura esparrura hurbiltzeko adinako argitaratutako banakapena ez duten estatistika eragiketen ustiapen espezifikoak erabili dira. Bestetik, kapitulu gehienetan, emaitza esanguratsuenez gain, fenomenoa ingurune global batetik begiratuta baloratzea ahalbidetzen duten adierazleak gehitu dira. Balio erantsi handia duen eragiketa da, estatistika sistema osoaren eragiketa ugariek emandako oinarrizko informazioa aprobetxatu delako.

Informazioaren erreferentzia aldiari dagokionez, adierazle nagusiak 2006-2010 bosturtekoak dira, eta banakapen zehaztuenak azken urteetakoak dira. Oro har aplikatzen den jarraibide horrek hainbat aldaera ditu, erabilitako estatistika iturrien erabilgarritasunetik eta erreferentzia aldietatik ateratakoak. Edonola ere, argitalpen honetan bildutako informazioa eta datu eskuragarrien urteroko sailak Interneten eskura daitezke, Culturabase estatistika datu-basean (www.mcu.es/estadisticas/CulturaBase.html).

Ahal izan den guztietan, sexuaren eta autonomia erkidegoaren araberako adierazleak erabili dira, lehentasunezko aldagaitzat hartzen baitira.

Lan honen helburu den esparru sektorialaren mugaketak konplikazio ugari ditu, batez ere, kulturaren eta beste sektore batzuen arteko erlazioaren (ez da beti erraza izaten muga ezartzea) edo sailkapen jakin batzuekiko elkarrekikotasun zailaren ondorioz. Ikuspegi teorikotik begiratuta, Europako Batasunak 1997tik aurrera egindako lan metodologikoak hartu dira abiapuntutzat. Lan horien helburua Europako herrialde guztientzako kultura esparru komuna sortzea da, ahal den neurrian2.

Hasiera batean, kultura esparruarekin zerikusia duten sektore hauei buruzko informazioa sartzea hausnartu da, kapitulu bakoitzeko ohar metodologikoetan aipatutako berezitasunekin:

  • Ondasun kulturalak
  • Liburua eta aldizkako argitalpenak
  • Arte plastikoak 3
  • Arte eszenikoak eta musika
  • Ikus-entzunezkoak

Sektore bakoitzean, kulturaltzat hartu behar diren jardueren mugaketak beste dimentsio bat ere kontuan hartuta begiratu behar dira: horietako bakoitzak kultura ondasunen eta zerbitzuen produkzio katean duen egoera. Modu horretan, sektoreen zehaztapenaren osagarri gisa, fase hauek bereiz daitezke horietako bakoitzean: sorkuntza, ekoizpena, fabrikazioa, hedapena eta banaketa, sustapen eta erregulazio jarduerak, hezkuntza jarduerak eta jarduera osagarriak. Jarduera horiek guztiek, hertsiki ulertuta kultura ondasunik eta zerbitzurik ekoizten ez badute ere, oro har, kultura konnotazio garbia izaten dute, edo kultura ondasunak eta zerbitzuak erabiltzea eta gozatzea ahalbidetzen duten produktuak eskuratzea dakarte.

Hori dela eta, datuak sektore bakarrari buruzkoak badira ere, ohar metodologikoak zehatz-mehatz irakurri behar dira, barne hartzen dituzten jarduera zehatzen eta, ondorioz, horiek osatzen dituzten faseen garrantzia ulertzeko.

Kulturaren Kontu Sateliteari buruzko kapituluan, kultura esparruaren mugaketa kulturarekin zerikusia duten jarduerekin osatzen da. Jarduera horiek, jabetza intelektualarekin zerikusia dutenak, ez lirateke hasiera batean kulturaltzat hartu behar modu hertsian, baina horiek ezagutzea nahitaezkoa da sorkuntza sektore osoa ulertzeko. Esparru honek bat egiten du neurri handi batean deskribatutako kultura esparruarekin, baldin eta ondarearen sektore osoa eta sustapen, erregulazio eta hezkuntza faseak kanpoan uzten badira, eta honako sektore hauek gehitzen badira: informatika 4 (horren irismena jabetza intelektualarekin zerikusia duten jardueretara mugatzen da) eta publizitatea.

Argitalpenean aurkeztutako puntuen garrantzia balioesteko kultura esparruaren mugatze zehatza egiteko, elkarrekikotasunak ezarri dira informazio orokorra ematen duten estatistiketan erabilitako sailkapen ofizialen eta hasiera batean kontuan hartutako kultura esparruaren artean, gai metodologikoetatik, banakapenen erabilgarritasunetik edo horien kalitatetik ateratako salbuespenekin.

Urtekariaren egiturari dagokionez, hasteko, ikuspegi orokorra eskaintzen du, kapitulu bakoitzari dagokion informazio aipagarriena ematen duten hainbat laburpen grafiko eta taularen bidez. Argitalpenaren muina hiru multzotan banatutako hainbat kapituluk osatzen dute, informazio motaren arabera banatuta (zeharkakoa, sektoriala edo laburpena).

Lehenengo multzoak hainbat kultura sektoreri eragiten dioten balioespenak aurki daitezke: enplegua eta enpresak, finantziazio publikoa eta pribatua, jabetza intelektuala, kanpo merkataritza, turismoa, irakaskuntza eta kultura ohiturak. Bigarren multzoak horietako batzuei buruzko informazio sektorial zehatzagoa eskaintzen du: ondarea, museoak, artxibategiak, liburutegiak, liburuak, arte eszenikoak, musika, zinema eta bideoa.

Hirugarren multzoan, Kulturaren Kontu Satelitearen emaitzen aurrerapen bat aurki daiteke. Estatistika eragiketa hori Kultura Ministerioak egindakoa da, kulturak Espainiako ekonomian duen eragin orokorra balioesteko helburuarekin, horretarako BPGd espainiarrari egiten dion ekarpenaren adierazleen berri emanez.

Jarraian, argitalpeneko kapitulu ezberdinei buruzko informazioa aurkituko dugu; bertan, lanean aurki daitezkeen adierazleetako batzuk eta egiterakoan erabilitako iturri nagusiak azpimarra daitezke.

Aipatu bezala, argitalpena zeharkako adierazleekin hasten da.Horietan, kultura enpleguari buruzko informazioa aurki daiteke, Encuesta de Población Activa (EIN) [Biztanleria Aktiboaren Inkestaren] inkestaren ustiapen espezifikotik ateratakoa. Bertan, kontuan hartu dira beren jarduera ekonomikoa kultura esparruan gauzatzen duten pertsonak, baita kapituluan zehaztutako lanbideen eta jarduera ekonomikoen irizpidea ere. Era berean, kultura esparruarekin lotura zuzena duen jarduera ekonomikoa gauzatzen duten enpresei buruzko adierazleak barne hartzen ditu, Enpresen Direktorio Nagusitik, Enpresen Industria Inkestatik eta Zerbitzuen Urteko Inkestatik lortutakoak (lan horiek guztiak EINk gauzatutakoak dira).

Ondoren, urtekariak finantziazioari egiten dio tartea. Atal honetan, argitalpenak administrazio publikoek kulturan egindako gastu publikoaren adierazleak, gastu horren izaera ekonomikoa eta helburua barne hartzen ditu. Informazio hori guztia Kultura Ministerioak (MCU) egindako Kulturaren Finantziazioaren eta Gastu Publikoaren Estatistikatik ateratakoa da. Horrez gain, etxeek kultura ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu pribatuaren eta horrek barne hartzen dituen osagai esanguratsuenen kalkuluak agerian uzten ditu, Familia Aurrekontuen Inkestaren (EIN) ustiapen espezifikoari esker lortutakoak. Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko erakundeek bildutako eta banatutako kopuruei buruzko informazioa ere barne hartzen du; baita Jabetza Intelektualaren Erregistro Nagusian eskura daitekeen informazioaren ustiapena ere.

Kultura ondasunen kanpo merkataritzari dagokionez, urtekariak kultura ondasunen inportazioen eta esportazioen balioaren adierazleak ematen ditu, berezkoak edo osagarriak, eta, horretarako, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak egindako Kanpo Merkataritzaren Estatistikak ematen duen informazioa erabiltzen du. Kultura sektoreak beste sektore ekonomiko esanguratsu batzuen motor gisa duen garrantzia ageria gelditzen da kultura turismoari buruzko kapituluan. Bertan, batez ere arrazoi kulturalengatik egindako bidaiei eta horiei lotutako gastuari buruzko zehaztasunak ikus daitezke, baita bidaia guztien multzoaren barnean duten garrantzia erlatiboa ere. Hori aztertzeko, honako hiru iturri hauek espezifikoki ustiatuta ateratako informazioa erabili da: Espainiarren Turismo Mugimenduak, Mugetako Turismo Mugimenduak eta Turismo Gastuaren Inkesta, guztiak Turismo Azterketen Institutuak egindakoak.

Gainera, atal honetan, hezkuntza sistemaren eta kulturaren arteko lotura aztertu da, erregimen bereziko arte irakaskuntza ezberdinetan dauden ikasle kopuruaren adierazleak agerian utziz: arte plastikoak eta diseinua, musika, dantza edo arte dramatikoa; baita kulturarekin zerikusia duten erregimen orokorreko irakaskuntzetako ikasle kopurua ere. Kapitulu honetako informazio gehiena Hezkuntza Ministerioaren Unibertsitatetik Kanpoko Irakaskuntzen Estatistikatik ateratakoa da. Unibertsitate irakaskuntzari dagozkion emaitzak EINk egindako Unibertsitate Irakaskuntzaren Estatistikari esker lortu dira.

Zeharkako alderdiei eskainitako atala espainiarren kultura praktikei buruzko kapitulu luze batekin amaitzen da. Hori osatzeko datuak Espainiako Kultura Ohituren eta Praktiken Inkestakoak dira (MCU). Bertan, kulturan parte hartzeko modu ezberdinen balioespenak ikus daitezke, kultura adierazpen ezberdinei buruzko zehaztasunekin: biztanleria irakurlea, kultura ikuskizunetako bertaratze maila, interes kulturaleko erakundeetara egindako bisitaldiak, jarduera artistikoak, etab. Gainera, adierazpen horien artean ikusitako erlazioen edo jabetza intelektualeko eskubideei lotutako produktuen erosketen zehaztasunak ere eskaintzen ditu.

Alderdi sektorialei buruzko kapituluak gure ondareari buruzko informazioarekin hasten dira, Interes Kulturaleko Ondasun gisa erregistratutako ondasun higigarri eta higiezinen multzoaren adierazleak emanez. Informazio horri museoetako ekipamenduei, azpiegiturari, jarduerari eta baliabideei buruzko adierazleak, Estadística de Museos y Colecciones Museográficas (MCU) [Museoen eta Museografia Bildumen Estatistika] estatistikatik lortutakoak, Kultura Ministerioak kudatzen dituen estatu titulartasuneko artxibategien adierazleak eta liburutegiei buruzko adierazleak, Estadística de Bibliotecas (EIN) [Liburutegien Estatistika] estatistikatik ateratakoak, gehitu behar zaizkio. Liburuei eskainitako kapituluak Espainiako eragile argitaratzaileek egindako urteko argitalpenen zehaztasunak biltzen ditu, batez ere Estadística de la Edición Española de Libros con ISBN (MCU) [ISBN duten Liburu Espainiarren Argitalpenaren Estatistika] estatistikatik ateratako informazioa erabiliz.

Aurrez aipatutako informazioari arte eszenikoei eta musikari, musika sorkuntzari, eta arte eszenikoen, musikaren eta interpretazioaren azpiegiturei buruzko adierazleak gehitu zaizkie. Informazio gehiena Edición Musical en España inscrita en el ISMN (MCU) [ISMN duten Musika Espainiarraren Argitalpenaren Estatistika] eta Estadística de las Bases de Datos de Recursos Musicales y de la Danza y de las Artes Escénicas (MCU) [Musika eta Dantza Baliabideen Datu Baseen, eta Arte Eszenikoen Datu Baseen, Estatistika] estatistiketatik ateratakoa da. Era berean, urtekariak jarduera zinematografikoaren eta bideoaren adierazleak ere ematen ditu, horien artean, produkzioari, banaketari, emanaldiei, azpiegiturari, bilketari edo hedapenari buruzkoak. Atal hori osatzeko informazio gehiena hemendik ateratakoa da: Zinematografia Estatistika: Produkzioa, Emanaldiak, Banaketa eta Sustapena (MCU).

Urtekaria laburpen estatistiken atalarekin amaitzen da. Bertan, Cuenta Satélite de la Cultura en España (CSCE) [Espainiako Kulturaren Kontu Satelitea] lanetik lortutako emaitzen aurrerapena aurki daiteke. Kultura Ministerioak urtero egiten du estatistika lan hori, Espainiako Kontu Nazionalen (CNE) sistema nagusiaren satelite gisa diseinatutako informazio ekonomikorako sistema bat, kulturak Espainiako ekonomia osoan duen eragina balioestea ahalbidetuko duena, eskaintzeko helburuarekin.

Urtekaria INTERNETen eskura daiteke, lehen argitalpenetik, http://www.mcu.es/ orrialdeko estatistiken atalean.


[1]Lan horrek jarraipena eman zion honako argitalpen honetan egindako lan bikainari: Las cifras de la cultura en España. Estadísticas e indicadores. 2002 [Espainiako kulturaren kopuruak. Estatistikak eta adierazleak. 2002] . Lan honek, kulturak Espainiako gizarteari egindako ekarpenaren ikuspuntua emateaz gain, garai batean egindako ahaleginak denboran zehar irautea ahalbidetu duten adierazleak eta metodologia ezarri zituen. Lan horren aurretik, 1995ean, estatistika argitalpen batek kulturari buruzko datu guztiak pilatu eta antolatu zituen (Cultura en cifras). Argitalpen hau gertakari garrantzitsua izan zen kultura sektorearen egoerarentzat.(itzuli)

[2]Horrekiko zenbait ezberdintasun ezarri dira. Horien artean, kultura produktuekin zerikusia duten Espainiako erreprodukzio jarduerak (arte grafikoak, soinu erregistroen erreprodukzioa, etab.) edo musika tresnen fabrikazioa nabarmendu ditzakegu.(itzuli)

[3]Arte plastikoen sektorean, arkitektoen sorkuntza lana hartu da kontuan Cuenta Satélite de la Cultura en España [Espainiako Kulturaren Kontu Satelitea] kapituluan bakarrik).(itzuli)

[4]Informatikari dagokionez, Cuenta Satélite de la Cultura en España [Kulturaren Kontu Satelitea] lanerako emandako informazioaz gain, urtekariak etxeetan informatika materialean eta Interneten egindako kultura kontsumoari buruzko adierazleak barne hartzen ditu, baita teknologia berrien erabilera ohiturei buruzko adierazleak ere.(itzuli)


Icono de conformidad con el Nivel Doble-A del W3C-WAI. Se abre en ventana nueva Titulares RSS disponibles

© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa